Idiazabal

Lehenagoko aztarnak, giza jardunaren agerpenik antzinakoenak, Idiazabalen, mendi aldeko trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Iurrezuloko Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidaarte, Zorroztarri.. Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen arteko jendeek hildakoak lurperatzeko erabili bide zituzten Brontze Aroan. Hilobi horietan, garai hartako lanabes eta apaingarriak aurkitu dituzte. Hilobi horiek egin zituztenerako, baziren 2000 urte Neolito garaiko aurrerapenak (nekazaritza, abeltzaintza, zeramikagintza…) Euskal Herriratuak zirela eta horien jakitun izango ziren jende haiek. Poliki-poliki, ehiza eta fruitu bilketaren ordez, nekazaritza eta, batez ere, artzaintza nagusituz joan bide ziren.

Ez daukagu ondorengo mendeetako berri askorik gure haraneko jendeez. Euskal Herrian ibili ziren zelta, erromatar, bisigodo eta abarren begietara, hemengoak ez ziren nabarmendu eta ez da garai haietako ia ezeren arrastorik atzeman (II. mendeko erromatar txanpon batzuk bakarrik, 1898an aurkituak). Elizako pontea, Manuel Lekuonaren iritzian, bisigodoen garaikoa izan liteke, baina bada geroagokoa dela dioenik ere.

Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da (1199. urtea).

Ordurako, Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik zeuden asentamenduak eginak izango ziren. Hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel Goiaingeruaren eliza ere XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz…). Noble handikiak eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.

Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa… Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.

Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio egituretan sartuz ere joan zen. 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna gordez (“unibertsitate” modura azaldu zen aurrerantzean dokumentuetan).

Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu Gerikok gorde du –beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.

Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran, Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik (antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten haietatik.

Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko; Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi, Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena… gure herriko baserri ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.

Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handi nahia.

1615. urtean, erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta “villa” titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen; beraren altzoan sortu zen ostatua ere.

Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa… izan zituen elkarkide.

Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.

Gorosabelek dioenez, Idiazabalek 1860. urtean 1.716 bizilagun zituen. Gehienak baserrietan bizi ziren (kalean 30 bat etxe zeuden eta, horietatik ere, ia denak baserriak izango ziren). Beraz, oraindik ere, aspaldiko mendeetako Idiazabal izango zen.

Baina, XIX. mende horretan sartzen hasi ziren berrikuntzak gizarte tradizionalaren homogeneotasuna zartatzen joan ziren eta baita beraren krisia ekarri ere. Besteak beste, hona prozesu horren eragile batzuk: ideia liberalen etorrera eta gerrak (frantsesekiko gerrak eta gerra karlistak); baserriaren ekonomi ezina; burdinolen azkena; Madril-Irun kamino berria; eskola… Baserri ekonomia ez zegoen gehiagorik emateko moduan eta herriko seme askok Ameriketako bidea hartu behar izan zuten XIX. mendearen bukaera aldera eta hurrengoaren hasieran.

XX. mendearen hasieran, gerora ezinbesteko zerbitzu bihurtu diren batzuk jarri ziren; gizarte berriaren erakusgarri dira: elektrizitate indarra, kanileko ura, plaza berria, kanposantu berria, eskola berria… Ameriketan aberastu eta herrira bueltatutako indiano batzuk bultzatu zituzten horietako asko; palazio itxurako bere etxe zein baino zein dotoreagoak ere egin zituzten herrian: Altolagirrerenea (Txomenarenea), Floreaga…

Baina erabateko aldaketa 1936-39ko gerra zibilaren ondoren etorri zen. XX. mendearen bigarren zatian, urte gutxiren buruan, Idiazabalen izaera zeharo aldatu da. Gipuzkoako beste leku batzuetan bezala, industria berriak bizibide berria ekarri zien baserria uztekotan zirenei: Patricio Echeverría (1942), Ampo (1964) eta Jaso (1975) enpresa handiak eta zenbait lantegi txiki sortu ziren Idiazabalen. Baserrietako jendea industriaratu egin zen eta baita kalera bizitzera joaten hasi ere; era berean, urrutiko eskualde batzuetatik ere (Gaztelatik, Galiziatik…) emigrazioa gertatu zen Idiazabala eta Goierriko herri askotara.

Horrela, bestalde, aspaldiko mendeetan ia herritar guztiek izandako kultur eredu euskaldun tradizional homogeneo samarraren ondoan, beste komunitate kultura bat ere garatzen hasi zen (gaztelaniaz bakarrik hitz egiten zekitenena); poliki-poliki, gainera, bien arteko elkar eragina handituz joan da, era askotako egoerak eta jokaera pertsonalak ekarriz. 2001eko datuen arabera, Idiazabalgo 2031 biztanleetatik, 214 Euskal Autonomi Erkidegoaz kanpotik etorriak dira (1950 baino lehen banaka batzuk baino ez ziren izango).Beste kultur eragile moderno batzuek ere (eskolak, administrazioak, bidaiek, komunikabideek…) industrializazio aurreko homogeneotasuna pitzatu egin dute eta ez bakarrik hizkuntzaren ikuspegitik; baita kulturaren eta jokabideen beste arlo batzuetan ere, aniztasun askoz handiagoa sortuz horrela. Garai horretan egin ziren Plaza eta Udaletxe berriak (1955 inguruan) eta Mediku Etxea. Baserriak hustearekin batera etorri zen, beraz, kaleko gunearen zabalpen handia eta -1962. urtetik aurrera, batez ere- langileentzako etxe mordoak egin ziren. Gurutze Berri, Bikuña, Zigor eta Adarrako auzo berriek gaur egungo itxura ekarri diote Idiazabali. Baserria kale girora gerturatu eta ekartzeko giro berriarekin bat etorriz, Urtsuaran –aurreko mendean Seguraratua- Idiazabalgo barrutian sartu zen 1947an; horrela, kalearekiko lotura zuzenagoa izan zuen.1980tikhona, zerbitzu berrien eskeak eraikin berriz hornitu du herria (A. Iparragirre eskola; Igarondoko pilotalekua eta igerilekua; Kultur Etxea; Zelaako kiroldegia; kamino berria, herriaz kanpo; Eziolatza eta Arizkorretako futbol zelaiak; Txomenareneko parkea; Pilarreneko pertsona adindunen etxea…). Etxebizitza gehiago ere egin dira, baina, orain, batez ere, erdi mailako jendeentzako moduko etxetxo edo txaletak, herriaren kanpo aldeetan.

OHARRA: Idiazabali buruzko historia herriko gunean aurkitu dut: http://www.idiazabal.info/eusk/idiazabal/historioa.asp
Iradokizunik bazenute, eskertuko nizueke. Hemen duzue nire helbidea: koroiras@gmail.com

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s