Ordizia

Alfontso X.a Jakintsuak, Gaztelako erregeak, sortu omen zuen herria 1256an, herriak sortzeko plangintza orokor bati jarraituz; Segura eta Tolosa ere modu berean sortu ziren. Hasiera batean, San Bartolome baselizaren ondoan kokaturik zegoen herria, eta “Ordizia” zuen izena.

Aurreraxeago aipaturiko errege horrek berak aldatu zion izena, Sevillan 1268ko ekainaren 30ean emandako eskubide berezi baten bitartez. Horrez gain, Vitoriak (gaur egun Vitoria-Gasteiz denak) zituen abantailak eta Foruak ere eman zizkion, eta erregeari ordaindu beharreko zergak ez ordaintzeko baimena ere bai.

Antso IV.a, Ausarta, izan zen Alfontsoren ondorengoa, eta emandako eskubide berezia berretsi, eta gainera zergak ez ordaintzeko eskubide gehiago ezarri zituen Valladoliden sinatutako beste agiri bat zela medio.

Badakigu 1397an, Getariako Batzarretan parte hartu zuela Ordiziak, hala baitio partaide zerrendak; izan ere, ordukoa baita gorde den partaide zerrendarik zaharrena. utzi zuen herria, erregeri ematen zizkion zerbitzuen ordainetan. Inguruko herrixkek, 1399ko apirilaren 8an Villafrancak auzolagun bezala onartu zituen. Adiskidetasun Idatzi bat sinatu zuten guztiek, Henrike III.ak Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean, eta Errege Katolikoek Cordoban 1492ko maiatzaren 27an berretsi zutena. Inguruko herriak auzolaguntzat hartzearen ondorioz, Ordiziako Alkateak eskumen bereziak hartu zituen, bai auzibide arlokoak, bai zibilak eta baita kriminalak ere; aurretik herri horietan zeuden alkateak auzo-alkate bihurtu ziren. Hala ere, herri horiek beren Udaletxe eta Kontseilu irekiei eutsi zieten, beren lurraldea zedarrituta, beren mendi eta jabegoak eta beren ekonomia administrazioa gorde zuten.

1467an, beste lege berezi bat jaso zuen, Madrilen urtarrilaren 14an emandakoa; bertan, Henrike IV.a erregeak urteko bi mila marai eta bestelako zerga batzuk ordaintzetik libre utzi zituen. Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia, eta Lazkaoko zenbait etxek, gaizkile eta herriko jauntxoen ondorioz beren lurretan zegoen ziurtasun falta zela eta, Ordiziarekin bat egiteko eskaera egin zuten babesa lortu eta herriek zituzten abantailak eskuratzeko.

Batasun horrek berrehun urte baino gehiago iraun zuen, baina batasun-behar horren arrazoiak desagertu zirenean, beren udal askatasuna lortzeko irrikitan, herri-amak irainak egin zizkiola eta, banaketa eskatu zuten. Filipe III.ak eman zien ontzat eskaera, errege kutxek dirua behar zutelako eta herrien arteko banaketen ondorioz zerga ederrak jasotzen zituztelako. Lazkaoko etxeek, berriz, Ordiziarekin bat eginik jarraitu zuten 1648ko otsailerarte, urte horretan izan baitzuten berriz beren udala.

Villafranca bakarrik gelditzerakoan, Probintziako Batzarretan prokuradorearen gastuak oso altuak zirela eta, Beasainekin bat egin zuen, eta Villafrancako Batasuna izena ezarri. Batasuna, 1644an sinatu zen eta 1687ko maiatzaren 4an, Arama eta Zaldibia ere batasunean sartu ziren. Arrazoiak berberak izan ziren, ordezkapen gastuak beste herri batzurekin erdi bana egitea. 1710eko apirilaren 10ean Ataun sartu zen batasunean, baina Batzar Nagusiek ez zuten 1712 arte onartu.

1741ean tirabirak hasi ziren Zaldibiarekin, 1768an Aramarekin eta 1818an Ataun eta Beasainekin. Ordutik aurrera, Villafranca bakarrik egon zen. Ordizian 27 sukalde-zerga ordaintzen ziren; eta Probintziako Batzarretan, Korregidore-Lehendakaria-ren ondoan hamabostgarren jarlekuan esertzen zen Ordiziako ordezkaria. XVIII. mendean, sute ugari izan ziren. (1738, 1751eta 1794an), baina ez ziren garrantzia handikoak izan, horietatik batek ere ez baitzuen lortu 1512aren martxoaren 18an gertatutako suteak adinako larritasuna; sute hark, erabat suntsitu zuen herria. 1859an beste sute bat izan omen zen, eta herriaren zati bat hondatuta gelditu zen ondorioz.

Herria liberalen alde jarri zenez gero, I. Karlistadan Zumalakarregi Jeneralak eraso egin zion, 1835ean hain zuzen ere. Maiatzaren 25etik ekainaren 3ra arte iraun zuen erasoak, orduan eman baitzuen amore herriak, irabazteko aukera gutxi zituela konturatu zenean. Bitxikeria bada ere, Don Carlos erregegaiak Ordizia aukeratu zuen, zenbait urte geroago 1875ean, euskal foruak zin egiteko.

Antzina-antzinatik herria Bozue Menor edo Villafranca izeneko Komunitateko partaide izan zen. Komunitate hori lehenengo aldiz 1027. urteko agiri batean ageri da Nafarroako Antxo Handiaren agiri batean. Aralar eta Enirioko mendien etekinen hogeitazortziren bat jasotzen zuen herriak, 1409an “Komenio eta Ajusteagatik” ezarritako diruaren zatia, hain zuzen ere. Komenio hori zela medio Juan Amezketako konpentsatu zen, Gaztelako Henrike III.ak 1400 urtean eman zizkion eta Anaiarteak edo hermandadeak beti beretzat hartu zituen lurrengan eskubideak erreklamatzen zituelako. Komunitateak oraindik ere bizirik dirau eta Ordiziako alkatea da lehendakari.

1970eko apirilaren 17an aldatu egin zen izen ofiziala: “Villafranca de Oria” izatetik “Villafranca de Ordizia” izatera igaro zen. 1982ko urtarrilaren 4an behin betiko izena jarri zitzaion: Ordizia.

OHARRA: Ordiziari buruzko historia herriko gunean aurkitu dut: http://ordizia.org/
Iradokizunik bazenute, eskertuko nizueke. Hemen duzue nire helbidea: koroiras@gmail.com

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s